Erandioko Argazkia eta hodeiak atzekaldean.

KULTURA, GAZTERIA ETA KIROLAK

KULTURA KONTSEILUA:
 
 
ERANDIO ELIZATEKO UDAL KULTURA KONTSEILUA: ARAUDIA


1. ARTIKULUA.- AZALPENA, XEDEA, EGINKIZUNAK

Erandioko kulturgintzan herritarren parte hartzea bultzatzea eta sustatzea da Udal Kultura Kontseiluaren xedea. Horrela bi alde uztartu nahi ditugu: batetik, kulturgintzan diharduten herriko taldeen lana eta, bestetik, Kultura, Gazteria eta Kirol Arloko Udal Batzordearen lana.

Kultura Kontseiluaren eginkizunak honako hauek izango dira:
  1. Arlo honekin zerikusia duten gaiei buruzko ekimenak, iradokizunak eta proposamenak aurkeztea.
  2. Azterlanak, egitasmoak eta programak gauzatzeko lankidetza eta aholkularitza ematea.
  3. Udalaren eskutik informazioa jasotzea eta informazio hori elkarteen artean zabaltzea.

Eginkizunen izaera:

Iritziak eta proposamenak besterik ez ditu emango Kultura, Gazteria eta Kirol Arloko Udal Kontseiluak eta proposamenok ez dute izaera loteslerik izango.


2. ARTIKULUA.- ERAKETA

Udalbatza Osoak 2001eko otsailaren 26an izandako ohiko batzarraldian hartutako erabakiaren ondorioz eratu zen Kultura Kontseilua.


3. ARTIKULUA.- KONTSEILUKIDEAK

Ondorengo hauek izan daitezke Kulturako Kontseilukide:

  1. Kultura, Gazteria eta Kirol Arloko Informazio Batzordeko kideak, Udaleko talde politikoen izenean.

  2. Kultura, Gazteria eta kirolarekin zerikusia duten arloak suspertzeko, hobetzeko edo horien alde aritzeko helburua duten elkarte eta erakundeak, baina Elkarteen Udal Erroldan behar bezala inskribatuta daudenak. Kontseilukide izateko eskabidea luzatu behar diote taldeek batzordeburuari eta nor edo nortzuk izango dituzten ordezkari jakinarazi. Gehienez ere, bi ordezkari izango da taldeko.

  3. Kultura, Gazteria eta Kirol Arloko Informazio Batzordean idazkari lanetan aritzen den funtzionarioa izango da, baita, Kultura Kontseiluaren idazkari.


4. ARTIKULUA.- KONTSEILUAREN BILERAK

Kontseiluaren ohiko bilerak urtean bi izango dira: urteko lehenengo seihilekoan bata eta bigarren seihilekoan bestea.

Horrez gain, ez ohiko bilerak egin ahal izango dira, premiazkotzat edo egokitzat iritzitakoan. Kontseiluburuak egingo du ez ohiko bileretarako deia bere ekimenez, edo kontseilukideen heren batek, behintzat, hala eskatuta.

Udal Aurrekontuari buruzko egitasmoaren berri jaso dezake Kontseiluak horretarako deitutako ez ohiko bileran.


5. ARTIKULUA.- QUORUMA

Kontseiluaren bilerak baliozkoak izateko, ezinbestekoa izango da izendatutako kideen herena (gutxienez), kontseiluburua eta idazkaria bertan izatea. Quorum hori lehenengo deialdian betetzen ez bada, bigarren deialdian bertan diren eledunekin egingo da bilera, bertaratutako kideen gehiengoak bestelakorik erabakitzen ez badu.


6. ARTIKULUA.- DEIALDIA

Deialdia kontseiluburuak egingo du. Deialdiarekin batera aztergaien zerrenda bidaliko du. Kontseiluburuak bere ekimenez zein kontseilukideek Udal Erregistroan aurkeztutako proposamenak kontuan hartuta osatuko du aztergaien zerrenda. Bilera izan baino 10 egun lehenago egingo du deialdia.

Ez ohiko bileren kasuan, deialdia egiten denetik lau eguneko epea izango da.


7. ARTIKULUA.- KONTSEILUAREN BURUZAGITZA ETA BOZKETAK

  1. Alkate-udalburua izango da Kontseiluburua, edo, bestela, alkate-udalburuak izendatutako zinegotzia.

  2. Kontseiluburuak antolatu eta bideratuko ditu Kontseiluaren eztabaidak.

  3. Gehiengoaren aldeko botoz hartuko ditu erabakiak Kontseiluak.


8. ARTIKULUA.- BILERAN PARTE HARTZEA

Bileretan parte hartu ahal izango dute, kontseiluburuak deituta edo kontseilukideen heren batek hala eskatuta, zinegotzi-ordezkariek eta udal langileek.


9. ARTIKULUA.- TXOSTENAK, PROPOSAMENAK ETA AHOLKUAK

Txosten, ekimen-proposamen, informazio-eskari, aholku eta antzekoen bidez helaraziko zaizkie Kontseiluak hartutako erabakiak aginpidea duten organoei.


10. ARTIKULUA.- BILKURA LEKUA ETA AKTAK

Bilerak udalaren lokaletan egingo dira. Idazkariak akta egin eta 15 astegunen buruan eskuratuko die kontseiluko kideei. Kontseiluak izango duen hurrengo bileran onartuko da aurreko bilerako akta.


11. ARTIKULUA.- KONTSEILUKIDEEN IZENDAPENA ETA KIDETZA UZTEA

  1. Izendapena

    Elkarte edo talde bakoitzak bere ordezkariak izendatuko ditu eta idatziz jakinaraziko dio, hasiera batean, Udalari (Kontseilua lehendabizikoz eratzeko) eta, Kontseilua eratuta dagoenean, Kontseiluburuari.

  2. Kidetza uztea

    Kontseilukideek kide izateari utziko diote ondorengo kasuetan:

    1. Dagokien erakundeko partaide izateari uzten dietenean.

    2. Kidea izendatu zuen erakundeak izendapena bertan behera uzten duenean.

    3. Dagokien agintaldia amaitzen denean (agintaldiak ez du udaleko zinegotzien agintaldiak baino gehiago iraungo).

    4. Zuzenbide publiko zein pribatuko arauetan ezarritakoaren arabera, bateraezintasun zein gaitasungabezi kasuak gertatzen direnean.

    5. Kide izateari uko egiten diotenean.

  3. Kultura, Gazteria eta Kirol Arloko Informazio Batzordeak zehaztuko du, araudi honetako hirugarren artikuluan aurreikusitako elkarteen artean, Kontseiluan ordezkaritza izan dezaketenak zeintzuk diren.

  4. Kultura, Gazteria eta Kirol Arloko Informazio Batzordearen egitekoak dira, baita, ondorengo hauek:
    • Erakunde bakoitzak izango duen ordezkari kopurua eta kopuru hori gehitzea edo gutxitzea.
    • Kontseiluen eginkizun zehatzak finkatzea.


12. ARTIKULUA.- ARAUAK ETA ORDEZKO ARAUBIDEA

Kontseiluak bere barne funtzionamendurako arauak finkatu eta lan-batzordeak era ditzake. Erabakitzen dituen eginkizunak modu iraunkorrean edo aldi batez landuko dituzten lan-batzorde horien osaketa, eginkizunak eta funtzionatzekoa arauak ere ezarriko ditu Kontseiluak, eta hartutako erabaki horiek udalari jakinaraziko dizkio.
Araudi honetan arautu gabekoari dagokionez, ondorengo hau aplikatuko da: azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua, Toki Entitateen Antolamendua, Jarduna eta Araubide Juridikoari buruzko Araudia onartzen duena. (BOE, 1986-12-22)

Ailegaerraztasun Balioztatzea XHTML Balioztatzea Css Balioztatzea